Aita Barandiaran: euskal antropologo eta etnologo ospetsua

Aita Barandiaran:    euskal antropologo eta etnologo ospetsua

2010-12-01

Mikel Laboa Manzisidor

Euskal kantari eta musikagile gipuzkoarra 
(Donostia, 1934-2008).
                            
Mikel Laboa 1934ko ekainaren 15ean jaio zen Donostiako Alde Zaharrean. Aditu askoren ustez XX.mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta eraginkorrenetarikoa izan zen, bere oihartzuna gure mugetatik kanpora ere zabaldu zuena.
                                                         
Mikel Laboa
                                               
Haurra zela, Gerra Zibila hasi orduko, familiak alde egin behar izan zuen: aitak, udaleko zinegotzia zenak, Frantzia aldera jo zuen; ama eta zazpi seme-alabak, berriz, Lekeitiora eta han egin zituzten urte batzuk. Herri horretatik ikusi zituen Mikelek Gernika bonbardatzera abiadan zetozen abioi alemanak. Urte askoren buruan, oroitzapen horiekin “Gernika” kanta osatuko zuen. Donostiara itzuli eta batxilergoa amaituta medikuntza ikastea erabaki zuen. 1953an ekin zien ikasketei. Madril, Iruñea eta Zaragozan ibili ostean, haur-neuropsikiatrian espezializatu zen Bartzelonan.
                                                    
Medikua ofizioz, betidanik izan zuen musikarako zaletasuna. Jendaurreko lehen saioa 1958an egin zuen Iruñeko Gaiarre antzokian: gaztelaniazko eta frantsesezko kantagile ospetsuen kantak abestu zituen. Hala ere, Mikel Laboak euskal kantari bezala egindako ibilbidearen hasiera 1962an koka daiteke Zaragozan, hara joan baitzen medikuntza ikasketak bukatzera 1962-63 bitartean, Donostian bere familiaren etxean bi urtez gaixoturik egon eta gero. Hiri hartako Argensola Antzokian eman zuen lehen kantaldia euskaraz, ikasle euskaldunek antolatutako jaialdi batean, eta euskal herri-kanta zaharrez osatu zuen errepertorioa (O Pello, Pello; Bereterretxen kanthoria …), Euskal Herriko toki gehienetan artean ezezagunak baziren ere.
                                       
Ez Dok Amairu taldea
                                               
1962an medikuntza ikasketak amaitu zituen Zaragozan, handik Bartzelonara joan zen espezialitatea egitera eta hantxe ezagutu zuen Nova Canço deritzon musika mugimendua. Urte horietan Iparraldeko herri musikak interes handia sortu zion eta bere gustukoak zituen Atahualpa, Violeta Parra eta Hego Amerikako beste hainbat kantari entzuten zituen zentsurari iruzur eginez; horiekin batera Iparraldeko Michel Labeguerieren kantak ere bai. 1964an grabatu zuen lehen disko txikia. Nova Cançok liluratuta, Euskal Herrira itzuli zen antzeko zerbait eratzeko asmoarekin. Horrela sortu zen “Ez Dok Amairu” taldea (1965-72) Mikel Laboa eta beste hainbat euskal kantari, musikari eta artistari esker, euskal musika tradizionala aztertu eta gaurkotzeko asmoz.
                                         
“Ez Dok Amairu” desegin zenean, Artze anaiak eta Jose Mari Zabalarekin jarraitu zuen Mikelek eta Artze anaiekin batera Baga-Biga-Higa ikuskizuna (1969-70), Ikimilikiliklik (1974) eta antzeko ikuskizunak eratu zituen. Gero Bertolt Brecht musikatzen hasi zen. 1966an 2.disko txikia grabatu zuen (herri-kantak eta Gabriel Arestiren poemak) eta 3.a (B. Brecht-en poemak) eta 4.a (Haika mutil) 1969an. Geroztik musika eta kanta berrizale eta esperimentalak landu zituen, hitz- eta hots-jokoetan oinarriturik, baina herri-kantei loturik betiere. Kanta esperimental hauek disko askotan tartekatu zituen “Lekeitio” izenaz. Herri kanta eta bertso zaharrak ere landu zituen eta poeta garaikideen testuak musikatu maiz, Xabier Lete, Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionaindiarenak batez ere. 
                           
Lekeitioak
                                                          
1974an argitaratu zuen lehen disko luzea eta bikoitza, Bat-Hiru, jada euskal ereserki bihurtu diren hainbat kantekin (bereziki Txoria txori), eta ondoren Parisen eta Londresen jo zuen, besteak beste. Ondoren, aldaketak egin zituen bere musikan eta jazz musikaz lan egin zuen Iñaki Salvador pianista eta jazz-musikariarekin 1984az geroztik, grabazio, moldaketa eta kantaldietan bere laguntza izanik. 1980an bigarren disko bikoitza, Lau-Bost, kaleratu zuen, eta bost urte geroago Sei izenekoa. Herri kantak (Bentara noa, Gaztetasuna eta zahartasuna), atzerriko zein euskal olerkarien poema musikatuak (Ihesa zilegi balitz, Lizardi, Sorterriko koblak) eta kantu esperimentalak (Itsasoa eta lehorra), hiru arlo horiek jorratu zituen Laboak, hiruretan maisu-lana burutuz.
                                                
Euskal kantaririk enblematikoena den hau Donostiako San Miguel patronatuko Haurrentzako Neuropsikiatria Unitatean mediku lanean ibili zen ia 20 urtez, eta kantagintzan aldi berean. Donostiako Orfeoiarekin disko bat ere argitaratu zuen. Haren lanetan, bada bitxikeria bat: disko guztiak zenbatuak daude, 1etik 17raino, baina 13rik gabe, “Ez Dok Amairu” taldearen omenez.
                                      
      
                            
Euskal kantaririk maitatuena, kuttunena eta miretsiena izan zen beharbada, xarma berezia baitzerion pertsona zein musikari gisa. Aurreko belaunaldikoek izugarri preziatzen zuten, eta musika egiten duten belaunaldi berriek (rock taldeek barne), eragin gisa aitortu izan dute. Euskal Herrian ez ezik, kanpoan ere prestigioa eta errespetua bereganatu zituen Laboak. 
                                                                  
Bob Dylan estatubatuarrak Zurriola hondartzan 2006ko uztailean emandako kontzertuaren aurretik aritu zen Mikel Laboa publiko aurrean kantari azkeneko aldiz. Azkenik, gaixotasun luze baten ostean, osasunez makal luzaro ibili ondoren, 2008ko abenduaren 1ean hil zen 74 urte zituela, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina eman behar zion urte berean. Donostiako udalak, bere aldetik, hiriko urrezko domina eman dio.
                     

No hay comentarios:

Publicar un comentario